Aurkezpenean esan bezala, atal honek udal gizarte zerbitzuen egoerari eta zerbitzu horien bilakaerari buruzko datu kuantitatibo nagusiak jaso ditu, bereziki 2010. urtetik aurrerakoak, urte horretan argitaratu baitzen oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruzko Arartekoaren txostena. Horrez gain, atal honetan (egia esateko, txosten osoan) jasotako informazioaren testuingurua azaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan udal gizarte zerbitzuen eskumenak eta betebeharrak arautzen dituen markoa ere aipatuko dugu, labur-labur bada ere; markoa urriaren 6ko 185/2015 Dekretuak , Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoak (aurreratzean Zorroari buruzko Dekretua), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte- Zerbitzuen Plan Estrategikoak (aurrerantzean Plan Estrategikoa edo Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa) garatu zuten 2015ean.
Atal kuantitatiboa prestatzeko erabili den metodologiari dagokionez, esan behar da, 1999. eta 2009. urteetan oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruz egindako ezohiko txostenetan ez bezala, oraingo honetan datuak modu zuzenean biltzea, galdetegien edo lehen mailako informazioa lortzeko beste formula batzuen bitartez, baztertu egin dela. Hala, eta ikusiko den moduan, udal gizarte zerbitzuen jardunari buruz ohiko iturri estatistikoetan dagoen informazioak zenbait gabezia ditu, baina atalaren helburua lortzeko informazio hori nahikoa izan daitekeela ulertzen da, alegia, informazio aproposa dela sistemaren magnitude nagusietara oinarrizko gerturatzea egiteko, arreta plazei, artatutako pertsonei, lana daukaten langileei eta egindako gastu publikoari dagokienez, baita oinarrizko gizarte zerbitzuetatik erantzundako eskaerari dagokionez ere. Funtsean, elementu horien argazki orokorra egitean datza, eta, batez ere, elementu horiek azken urteetan izan duten bilakaeraren argazkia egitean, hurrengo atalean jasotako informazio kualitatiboa testuinguruan jarri eta ulertu ahal izateko ikuspuntu ahal bezain objektiboenetik. Nolanahi ere, gogoratu behar da, edozein estatistikarekin gertatzen den moduan, informazioa jaso eta sailkatzeko formulek nabarmen baldintzatzen dituztela jasotako datuak, eta lortzen diren ondorioak, batzuetan, faktore horien eraginez, distortsionatuta egon daitezkeela.
Ikuspuntu metodologikotik, honako elementu nagusi hauek azpimarratu behar dira:
- Atal honetan aurkeztuko den informazio osoa Gizarte Zerbitzuen eta Gizarte Ekintzaren Estatistikatik atera da, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken Saileko estatistika organo zehatzak egindakoa; erakunde horretako arduradunei eskerrak eman nahi dizkiegu informazioaren ustiapenean izandako prestutasunagatik. Estatistika hori, lehen, EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak egiten zuen, eta informazio oso zehatza jasotzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen egoerari dagokionez, 1994. urtetik; lurraldean gai horiei dagokienez egin den ikerketa eta azterketa lan guztien oinarria da. Inkesta horren datuak gizarte zerbitzuetako gastu publikoari buruzko Txosteneko datuekin osatu dira, sail horrek berak egindakoa; txosten horretako datu gehienak 2002. urtekoak dira.
- Atal honetan jasotako informazioa hiru esparru handiri dagokie: udal titulartasuneko egoitzako eta ez egoitzako plazen eskaintza, udal gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileak eta zerbitzu horiei eusteko egindako gastu publikoa, baita horren finantzaketa ere. Bidenabar, zenbait zentrori buruzko eskualde dentsitatearen gaineko datu batzuk ere eskaini dira, labur-labur; euskal gizarteak eskatzen dituen gizarte zerbitzuei eta artatutako pertsonen profilek izandako aldaketei buruzko datu batzuk ere eman dira.
- Aztertutako adierazleei dagokienez, eskuragarri dagoen azken urteko informazioa eskaini da (2013) eta, posible izan denean, bilakaerako datuak eman dira. Informazioa hiru lurralde historikoetan banatuta ageri da; banaketa hori garrantzitsua da, udal gizarte zerbitzuetan existitzen diren antolaketa ereduak oso desberdinak direlako (zuzkidura aldetik, gastu aldetik, finantzaketa, etab.).
- Jakina denez, erabilitako estatistikak mota askotako zentroak, programak eta prestazioak biltzen ditu; horietako batzuk (aisialdiko zentroak, enplegu zentro bereziak, gizarteratzerako eta laneratzerako zentroak, diru sarrerak bermatzeko errenta…) ez daude Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean ezarritako zerbitzuen katalogoaren barruan. Horregatik, posible izan den kasuetan, datuak zerbitzuak aipatutako katalogoan jasota egotearen arabera banatu dira, gizarte zerbitzuen zorroan dauden eta ez dauden zerbitzuak eta programak bereiziz. Banaketa hori, une honetan, 2012. eta 2013. urteei dagozkien datuetan baino ezin da egin, eta 2013. urteko datuak erabiltzea erabaki da.
Lehen azaldu bezala, erabilitako informazioak baditu zenbait muga eta gabezia, eta aipatu egin behar dira azalduko diren datuak modu egokian interpretatu ahal izateko:
- Inkesta honetako datu berrienak 2013. urtekoak direla esan dugu, inkestak bi urte inguruko denbora desfasea duelako. 2014. urteko datuak, dirudienez, 2016. urtearen erdialdean egongo dira eskuragarri.
- Horrela, 2012. urtetik, gizarte zerbitzuen zorroa osatzen duten zerbitzuak (hau da, erantzukizun publikoko zerbitzuak) eta zorro horretan jasota ez daudenak bereiztea posible da; hala ere, lehen mailako arretari eta bigarren mailako arretari dagozkien zentro, zerbitzu eta prestazioen gainean eskuragarri ditugun datuak bereiztea ez da beti erraza izaten. Arrazoi ugari daude eta, besteak beste, praktikan zenbait zerbitzu eta prestaziok ardatz horretan kokatzeko dauzkaten zailtasunak nabarmendu behar dira. Azken urteetan alderdi horretan aurrera egin den arren, erabilitako estatistikak ez du beti lehen mailako arretako eta bigarren mailako arretako zentroen artean argi bereizteko aukerarik ematen.
- Erabilitako estatistiketan ez da beti erraza izaten udal zerbitzuak non hasten diren eta non amaitzen diren bereiztea: kudeaketa propioko zerbitzuen kasuan, udal titulartasuna identifikatzea erraza izan daiteke; zentroen kudeaketa eta finantzaketa moduen aniztasuna dela-eta, ostera (hitzarmenak, kontratuak, diru-laguntzak, etab.), praktikan zaila da udal erantzukizuneko zerbitzuak, egiten den gastua edo benetan bertan lanean ari diren langileak argi identifikatzea.
- Gizarte zerbitzuen informazioaren euskal sistemaren gabezia nabarmenetako bat lehen mailako arretako bi zerbitzu nagusietan artatzen diren pertsonen kopuruari eta egiten den jardunari dagokionez existitzen den informazio gutxi eta osatugabea da: informazio eta orientabide zerbitzuak (1.1) eta gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko programak (1.3). Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (ELZ) (1.2.) langileei buruzko informazioa, bestalde, ez da gizarte zerbitzuetako gainerako langileei buruzko informazioaren modu parekagarrian jaso. Egia da oinarrizko gizarte zerbitzuetako langile hornidurari eta gastuari buruzko eta 2013. urterako familia esku-hartzerako programetako gastuari buruzko nahikoa informazio dagoela, baina ez dago daturik (homogeneoak eta Euskal Autonomia Erkidego osorako konparagarriak) oinarrizko gizarte zerbitzuetan artatzen diren pertsonen kopuruari eta ezaugarriei dagokienez; ezinbestekoa da benetan udalerrietan gizarte ekintzaren alorrean egiten den esku-hartzea edo udaletatik eskaintzen ari den arreta ezagutzeko.